Informazio asimetriko

Merkatu batean informazio asimetrikoa dagoela esaten da kontsumitzaileek eta ekoizle edo saltzaileek elkartrukatzen diren produktu eta zerbitzuen kalitateari edo prezioei buruz informazio ezberdinak dituztenean. Teoria honek lehia perfektuaren sistema bateko prezioen teoria apurtzea suposatzen du. Informazio asimetrikoak merkatuaren akats bat eragiten du, azken honek emaitza ekonomiko inefizientea eraginez.

Informazio asimetrikoa ematen da produktu baten saltzaileak produktu hori hobeto ezagutzen duelako erosleak baino. Modu berean, finantza munduan informazio asimetrikoaren hainbat kasu planteatzen dira, hauetan, adibidez, mailegu-hartzaileak bere kaudimenaren inguruko informazio gehiago du mailegu-emaileak baino.

Orokorrean, informazio asimetrikoak merkatuaren akatsak sortzen ditu, inefizientziak alegia, kontsumitzaileak prezio altuegiak ordaintzen dituelako besteak beste. Informazio asimetrikoak sortzen duen beste fenomeno bat aukeraketa txarra (ingelesez, adverse selection) izenekoa da: adibidez, bigarren eskuko merkatuetan auto onak zein txarrak izan beharko lirateke hasiera batean, baina orokorrean kontsumitzaileak zein den auto ona eta zein txarra ez dakienez, saltzaileek auto txarrak saltzeko joera dute, eta onak beste alde batetik saldu (Gresham legean gertatzen den antzera, produktu txarrak ona kanporatzen duela esan daitekeelako); auto onen bat agertzen denean, garestiago jarri behar da, baina garestiagoa denez, kontsumitzaileek ez dute erosiko, pentsatzen dutelako txarra dela; horrela azkenean, bigarren eskuko merkatuan auto txarrak bakarrik geratuko dira.

2001. urtean, Joseph Stiglitz, George Akerlof eta Michael Spence ekonomialariak Ekonomiako Nobel Saria irabazi zuten, merkatuko analisietan informazio asimetrikoa erabiltzeagatik. Kenneth Arrow, William Vickrey eta James Mirrlees bezalako ekonomialari gailenek informazio asimetrikoaren gaiari ekarpen garrantzitsuak egin dizkiote ere bai.


© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search